Legazpi, maiatzaren 3a, igandea, Santikutz eguna, 1580. urtea. Olagizonak, jaieguna izanda ere, Mirandaolako burdinolan lanean ari ziren. Ez zuten kontzientzia garbi, jakitun baitziren ez zirela ari betetzen Eliza kristauak ezarritako agindua. Burdina lantzen ari ziren labean, barrenean hamabi edo hamahiru librako pisua zuen burdin zati bat baino ez zegoela ikusi zutenean. Are gehiago larritu ziren, burdin zati hark gurutze itxura zuela konturatu zirenean, eta jai egunean lanean aritzeagatik Jainkoak zigortu zituela uste izan zuten. Gertakari hau miraritzat hartu zuen Legazpiko herriak eta urtero, Mirandaola bertan, olagizonei eskainitako ezpata dantza batekin ospatzen dute miraria.
No hay comentarios:
Publicar un comentario