Nire egoera


Txikitatik gustatu izan zait marraztea. Hasiera batean marrazkiak arkatzarekin egiten nituen, geroago margo koloretsuak egin nituen eta nire ibilaldi artistikoa, argazkiek harrapatuta gelditu da, oraingoz behintzat. Nire lehenengo argazkiak zuri- beltzean izan ziren, diapositibak ere landu nituen eta nola ez, kolorezko argazkiak. Azkenean argazki digitala deitzen den hontan murgilduta nabil. 40 urte argazkiak egiten pasa ondoren, zaletasun honekin, beste urte batzuk pasatzeko itxaropenarekin jarraitzen dut.







2014/04/28

Mirandaolako parkea

Mirandaolako Burdinola Legazpiko Mirandaola Parkean dago. Gaur egun, zaharberriturik dago: ubidea, urarka, gurpilak, hauspoa, ingudea, gabia…


Behe Erdi Aroan energia hidraulikoa aplikatzea aparteko aurrerapen tekniko eta ekonomikoa izan zen. Euskal Herri Atlantikoa burdinaren esportatzaile handienetakoa bihurtu zen. Hala ere, Europan garatu ziren teknika berrietara ez egokitzeagatik, Euskal Herriko burdinolek krisi sakona pairatu zuten, eta XIX. mendean itxi egin ziren.

Legazpin zazpi burdinola ziren XV. mendean eta hau da gelditzen den bakarra. XIX. mendean bere ateak itxi arren, 1952 zaharberritu zuten.

1580.eko maiatzaren 3an gertakizun bat suertatu zen zein ondoren miraritzat bataiatua izan zena (1633), harrezkero gainera Legazpiko festen ardatz bilakatu da.

“Mirandaolako olagizonek bekatu larria egin zuten: igandean egin zuten lan, Jaungoikoak atsedenerako aukeratu zuen egunean, hain zuzen. Egun osoa lanean pasatu arren lortu zuten emaitza urria izan zen. Burdin zati bat gurutze formakoa, besterik ez”.

Burdinolaren alboko ermitak dituen Soler Blascoren pinturek, burdinola honetan gertatu zen mirarizko gertakari hau deskribatzen dute.








2014/04/19

Ostiral Santuko prozesioa

Ostiral Santuan arratsaldeko 18:30etan gutxi gora behera, Azkoitiko kaletan, Pasioaren prozesioa ospatzen da. Hainbat pasok hartzen dute parte bertan aingerutxoen, haur penitenteen eta Armatuen (erromatarren) laguntzarekin.


Azpimarratzeko pasoak ere badira:

Ecce Homo (Miguel Oñederra artista azkoitiarraren taila).

Pilatosekin topaketa (Querejeta artista azkoitiarraren obra).

Kristo kolpatua.

Beronika (imajinak daraman mihiseak Ignacio Zuloagak pintatutako Jesusen aurpegiaren irudia du eta Beronikaren aurpegi berbera Behobidek egina da).

Kalbarioa.

San Juan Ebanjelaria.

Ama Birjin Dolorekoa.



Armatuek (erromatarrek) Hilobi Santua babesten dute eta kolpe hots bortitzak egiten dituzte lantzekin lurzorua jotzen dutenean.

San Miguel Arkanjeluak armadura eta kaskoa jantzita, espata astun bat eskuetan daramala prozesioaren ibilbidea burutzen du, dantza koreografia bat dantzatuz. Erritu hau, 1918. urtetik omen dator.














2014/04/06

Sastarraingo bailara

Zestoako herritik irten eta berehala Urola ibaia zeharkatuko dugu XVIII. mendean eraikitako harrizko zubitik. Honen ondoan dago Lauiturrieta iturria,1792an eraikitakoa, eta honi atxikita garbitokia 1821koa. Bideari jarraituz, Lilíbea dorretxe txikia eta Lilí jauregi ondotik pasatuko gara


(1490-1550). Jauregi hau Zestoako historiaren puntu garrantzitsuetako bat da. Sastarrain errekako uraren soinuak lagunduta Ekainberrire ailegatuko gara.(Ekaingo haitzuloa,1969ko ekainaren 8an, aurkitu zuten Azpeitiko Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek). Ekainberri jatorrizko kobazuloaren erreplika da. Honen ondoan garaiera handiko presa bat aurkitzen da eta beti errekako urari jarraituz Sastarrain baserri eskolatik pasatu ondoren ur-jauzi eder bateraino iritsiko gara.