Gaur goizean, beste askotan bezala, nire argazki zaletasunak bultzatuta, Getariako portura abiatu naiz. Iritsi orduko konturatu naiz ezohiko mugimendua dagoela. Kamioiak jo gora eta jo behera, gauean arrantzaleek harrapatutako arrainak garraiatzen ari dira. Bat-batean kamioi batek nire arreta erakarri du. Handia, dotorea eta gorri-gorria da, baina nire ikusmina kabinan gainean idatzitako hitzak piztu du. Letra zuriz idatzita dago: CARIÑO (Maitasuna).
Hara...pentsatu dut. Ondo. Oso ondo. Ideia ona. Batzuek arrainak edo altzariak edo jantziak garraiatzen dituzten bitartean, Kamioi honek maitasuna garraiatzen du. Benetan lan polita. Lan bikaina. Herriz herri maitasuna banatzea. Asko duten tokietatik gutxi duten tokietara eramatea. Kamioi gidaria munduko gizonik zoriontsuena izango da hainbesta maitasun banatzear. Hurbildu naiz pixka bat eta nire harridura pikutara joan da kamioi alde batean idatzitakoa irakurri dudanean: CARIÑO (A CORUÑA).
Orduan konturatu naiz kamioi arrunt bat dela eta beste kamioiak bezala, hau ere, arraina jasotzera etorrita dagoela Getarian, gero bere herrira, hau da, A Coruñako Cariñora eramateko.
Banengoen ba ni...
No hay comentarios:
Publicar un comentario