Nire egoera


Txikitatik gustatu izan zait marraztea. Hasiera batean marrazkiak arkatzarekin egiten nituen, geroago margo koloretsuak egin nituen eta nire ibilaldi artistikoa, argazkiek harrapatuta gelditu da, oraingoz behintzat. Nire lehenengo argazkiak zuri- beltzean izan ziren, diapositibak ere landu nituen eta nola ez, kolorezko argazkiak. Azkenean argazki digitala deitzen den hontan murgilduta nabil. 40 urte argazkiak egiten pasa ondoren, zaletasun honekin, beste urte batzuk pasatzeko itxaropenarekin jarraitzen dut.







2015/06/30

GURE ESKU DAGO Donostian

Gure Esku Dago dinamikak erabakitzeko eskubidearen alde antolatutako ekitaldia ospatu zen Anoetako futbol zelaian. Ekitaldian, batez ere, emozioa eta ilusioa nabaritu ziren, harmailetatik ekitaldiaz gozatu zuten milaka herritarren aurpegietan. Anoetako berdegunea herriz herri jositako oihal koloretsuek estali zuten, eta harmailetatik kartulinekin osatutako "GURE ESKU DAGO" mezua erakutsi zuten hainbat lagunek.














2015/06/10

Ziortzako Monastegia


Erdi Aroan eta Aro modernoan inguruko bizitzan garrantzia eduki zuen, nahiz eta geroago beherakada handia jasan. 1980ko hamarkadatik aurrera, Olibako monastegitik etorritako monje zistertarrak bizi dira bertan eta horrek bizitasuna bueltatu dio eraikinari.
Kondairaren arabera, 968ko abuztuaren 15ean(Andre Mariaren Zeruratzearen jaian) Gerrikaitzeko Santa Luziaren baselizan meza entzuten ari ziren eliztarrek arrano bat ikusi zuten hilerritik buru hezur bat hartzen eta ondoko mendixka batean uzten. Fededunek gertaera hori seinaletzat hartu zuten eta buru hezurra erori zen tokian eraiki zuten gaur egungo eraikin multzo erlijiosoa.Ahozko tradizioak kontatzen duena harri gainean landuta geratu da betirako: Ziortzaren armarrian arranoa ageri da, garezurra hatzaparretan duela.

Eraikina
-Eliza: Gaur egun zutik dagoen eliza XIV. mendekoa da, gotiko-zistertar estilokoa. Ateburuko irudian Jesukristo agertzen da aingeru biren erdian eta elizpean irudi kristauez gain sinbologia paganoa ere ageri da. Elizaren barrualdean Bizkaiko organorik zaharrenetako bat dago, egoera oso onean kontserbatua.
 -Klaustroa: Pizkunde garaikoa. Karratua eta arku sistema bereziarekin, Done Jakue bideko erromesen maskorrez apaindua.
-Ekialdeko atea: Eraikin multzora sartzeko aterik garrantzitsuena da. Puntu erdiko arkukoa da eta Mujika-Butroi familiaren armarria dauka.
-Mendebaldeko atea: Aurrekoa baino txikiagoa, Ziortzako armarria dauka (arranoa burezurrarekin).
Ziortza-Bolibar herrian kokatua dago Bizkaiko probintzian.












2015/06/03

Saturrarango haitzen kondaira

Kondairak dioenez, nomada talde batek Saturraranen gelditzea erabaki zuen aspaldi. Talde hartan ba omen ziren Satur eta Aran izeneko bi gazte. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, eta leku hartako sorginkeria batek eraginda-edo maitemindu egin ziren. Satur arrantzara ateratzen zen egunero-egunero, eta Aran hondartzan gelditzen zen haren zain, bueltatu arte. Baina, egun batean, galerna sartu eta Satur ez zen itzuli. Aran hondartzan egon zen, eguna joan eta eguna etorri, haren zain; baina ez zen inoiz itzuli.


Hala, bada, esperantza guztiak galduta, Aranek txilioka itsasoari bera ere eraman zezan eskatu zion. Eta halaxe gertatu zen. Gau hartan izugarrizko zarata entzun zen, eta han zeudenek, begiratzean, hondartzako haitzak itxuraldatuta ikusi zituzten! Bi pertsonaren irudiak ageri ziren. Bata, Satur zen; eta bestea, Aran.